Psikologo psikoterapeuta da Saioa Otegi (Ordizia, 1984). Telelanaren onuren eta alde txarren inguruan mintzatu da. Etxean lan egiteko inguru egokia beharrezkoa dela dio, eta kalera ateratzeko zailtasunak dituztenentzako konponbidea izan daitekeela. Dena den, gizakia izaki soziala dela nabarmendu du, eta telelanak harremanak «hutsalago» bihur ditzakeela ohartarazi.
Zer iritzi duzu telelanaren inguruan?
Telelana gaur egungo gizartearen eragina da. Norberak askatasunerako bide hori hautatzeko aukera edukitzen du etxean lan eginez gero. Beraz, alde horretatik, onurak ditu. Ezinduen, gaixo daudenen edo arazo jakin batzuk dituztenen kasuan oso ongi etortzen da; etxetik kanpora ateratzeko arazoak egoten direnean bide bat ematen du etxe barruan zure kasa lan egin ahal izatea. Bestalde, erlaziozko izakiak gara gizakiak, eta besteekin harremanetan egoteko beharra daukagu. Lan egiten dugunean ere ez da berdina posta edo web bidezko harremana izatea, edo parez parekoa. Beraz, zuk zeure burua kudeatzeko aukera duzu, baina erlazioak hutsalagoak bihurtzen dira.
Langileen gogo aldartea hobetu egiten da etxetik lan eginda?
Nahiko erlatiboa da hori. Gogo aldartea oso pertsonala da. Langileak ingurune oldarkorra badu, estresekoa, hori saihets dezake etxean. Baina ingurune lasaiagoa badu, ez dago hainbesterako alderik. Gainera, ixteko aukera gehiago izan ditzakete telelangileek, besteekiko erlazio hori indibidualizatzen da, eta ez da sare egonkorrik sortzen.
Nagusia gertu ez izateak positiboki eragin dezake langilearengan?
Nagusi motaren arabera ondorioa izan dezake, noski. Izaera aldetik bateraezintasuna badago, telelangileari onura ekar diezaioke. Baina kontuan eduki behar da nagusia ez izateak diziplina eta metodologia jakin bat eskatzen dizula. Zuzentasunez jokatu behar duzu lana egitean, inork ez zaituelako kontrolatzen. Badago ordenagailuak kontrolatzeko modua, baina hori sistema informatiko bat da, beraz, ez da pertsonok daukagun kontrol metodologia mailara iristen. Bestalde, nagusi eta langileen arteko harremanek geroz eta distantzia handiagoa hartzeko aukera dago, bakartzekoa.
Langilearen osasunerako ona izan daiteke telelana?
Zure denbora kudeatzeko aukera izateak onura osasungarriak izatea ekartzen du. Beti ere diziplina eta metodologia bat eramanez.
Horrek ere arriskuak izan ditzake, adibidez, lana pilatzea.
Pilaketa hori bizitzaren beste alor batzuetan gertatzen bazaigu, lanean ere gerta daiteke: lanaren inportantzia gutxituz joan, eta beste gauza batzuetan murgiltzea. Horrek lana pilatzea ekar dezake. Oso garrantzitsua da ardura, diziplina eta metodologia.
Telelanaren aldekoek diote errendimendua hobetzen dela.
Hori horrela izan daiteke, aipatutako balioak kontuan izanda. Errendimendua hobetu daiteke zuk zure ingurunea sortzen duzulako. Etxean ingurune eroso bat jarriz gero, atsegin handiagoz egingo duzu lana. Lanerako espazio hori sortu behar du pertsonak, eta hori ez da hain erraza izaten, etxean lan egiteko aukera izateak ez duelako esan nahi etxean egoki egongo zarenik lanean.
Etxetik lan eginda arazo handiagoak egon daitezke gaixo agiria hartzeko.
Daukagun bizitza azkar honi gehitzen badiogu 365 egun dituzula lan egiteko, eta zuk erabakitzen duzula noiz lan egin eta noiz ez, egoera saturatu batean aurki zaitezke. Deskantsurako aukera eta eskubidea izan behar dugu. Gaixo agiriak gaur egun ulertzen diren moduan ezingo lirateke ulertu.
Emakumea lan munduan sartzeak eragin du enpresek telelana bezalako bideak aukeratzea?
Aitzakia da hori. Telelanak ez die lan mundurako bidea irekitzen emakumeei. Beste lan bat eskaintzen du, etxean egitekoa, bai emakumeentzat bai gizonentzat. Klixe bat bezala ikusten dut.
Psikologo gisa telelanaren alde egiteko aholkatuko zenieke enpresei?
Langileei telelana eskainiz gero, ziurtatu langile horiek diziplina, metodologia eta errendimendu ezberdina izango dutela, bakoitzak bere erara. Hau da, telelana pertsona bakoitzera egokitu beharko dute, eta ez estandarizatu denontzako balioko lukeen modelo bat.