http://goiberri.eus/2021/03/01/azken-urteko-gizarte-eraldaketaren-ondorioak/
Goiberri aldizkarian 2021eko Martxoan argitaraturikoa. Inspiratu, entretenitu edo interesgarri zaizuelakoan. Esteka originala goran daukazue eta testua azpian uzten dizuet. Besarkada bat!
Urteurrena badator. Iraganaren eta etorkizunaren artean, presente daukagu oso oraindik ere azken urte honetako gizarte eraldaketa. Harremanak. Gaztearen bizipozaren eta helduen arduren arteko talkak. Gure familietako helduenen beharrak, nahiz txikitxoenen arreta. Mundu honetatik joan eta heldu zaizkigunak barneak tristetu eta alaitzearen balantzan.
Bizitzaren joan-etorri honetan. Duda-mudaz inguratuta. Ezbaitasunean ibiltzen ohituak dagoeneko. Ziurgabetasunarekin dantza egiten ikasten hasiak bagara bai, eta ez da ohikoa izaten gizakiongan ziurgabetasuna atsegina egitea. Erronkez josi zaizkigu bizitzak, azken 350 egun hauetako bakoitzean, bizitza eta zaintza erdigunean jartzearen saiakeran sortu diren horiek denak. Nola ez naiz ba (…honela..) sentituko ?
Indarra geneukala ez genekien txoko sakon eta adoretsu horietatik azaleratu da eta hemen darraigu erresilientziarik zitalena bideratzen, gure bizi maila eta banakotik jendarterako askatasun horiek denak kolokan jartzen. Askatasunaren eta mugapenen arteko hari fin, ikusezin horretan malabaristarenak egiten. Nork ez du barne eta kanpo erreboluzio bat ukan?
Armoniaren bilaketa
Denok daramagu izan ere barne borroka honetan nolabaiteko armoniaren bilaketa: aurkibide horretan osasuntsu egoten laguntzen gaituzten emozio, sentimendu eta ekintza guzti horien kudeaketa egiten baditugu lanak, bai. Bizitzak emandako erronka horiek burutzen nola asmatu, eta lehenengo saiakeran?
Ez baita helmuga, bidea bera baizik bizitzen duguna pauso bakoitzeko.
Ez baita zer daukagun, zer garen baizik. Gure gabezien, sendatu gabeko horren isla baita barnean mugitzen zaiguna, eta kanpora atera ezin duguna.
Gizarte mailako gabezietan aipatu beharreko enpatia ezak kamusten gaitu harremanetan. Zer esanik ez lehendik daramagun motxila kontuan hartzen badugu. Nola ekin orain motxila hustutzeari? Enpatia lantzeari?
Kontzientziaz landutako norabidearen, nora joan eta honekin asmatzearen duda-muda horrek dauka gaurkotasuna, hausnarketak, itsuan mugitzeak baino urrunago garamatzalako. Zailtasun edo barne oztopoak ez ikusteak ez baitu esan nahi, ez dugunik sentitzen, ez dau(z)kagunik.
Garena gara
Haserreak, tristezia, ezinegonak, nostalgiak, doluak, gainkargak, pazientzia ezak… denek, izan ere denek dute lekua, gure harremanetako adierazpenetan. Inteligentzia emozionala, galera afektiboak, ziurgabetasunak, produktibitateak eta gizatasunak, gizaki garen heinean garapen batera garamatza. Bizitzan pasatzen diren horiek, ez dira pasatzen besterik gabe, geratu egiten dira, horiekin ikasi, horien bidez hazi. Horiei esker gara garena. Nola ez lagundu gure barreneko zurrunbiloei kolektiboki ere?